Arrain-kontsumoa eta dietaren bidez egindako merkurio-
ingestaren estimazioa. Odoleko merkurio-mailaren balidazioa, EPIC-Gipuzkoa kohortean.
Autore batzuek iradokitzen dutenez, gizakiak merkurioaren aurrean duen esposizioa igotzen ari da azken urte hauetan. Zenbait ikerketak arrain-kopuru handien ingestaren garrantzia seinalatzen du metilmerkurioaren aurreko esposizioaren ia elementu bakar bezala.
Helburua eta metodoak: Batetik, European Prospective Incidence Cancer (EPIC) ikerketan parte hartzen duten Gipuzkoako 8.417 indibiduok arrain-kontsumoaren bidez egindako merkurio-ingesta estimatzea eta, bestetik, dietaren bidez merkurioaren aurrean izan ohi den esposizio-estimazioaren balidazio bat egitea; horretarako, arrain-kontsumoen arabera estratifikatutako 120 indibiduoko lagin batean atzematen den odoleko merkurioaren estatusa ebaluatu da. Euskal Autonomia Erkidegoko elikagaien Segurtasun Kimikoko Programatik abiatuta, merkurioaren zehaztapenak egin dira EPIC kohortean parte hartzen duten indibiduoek kontsumitutako arrain-espezieetan. Dietaren bidez merkurioaren aurrean izan ohi den esposizio-estimazioaren balidazioa egiteko, eritrozitoetako merkurio-kontzentrazioa zehaztu da 120 indibiduoen laginean. Lagin biologikoetan ageri den merkurioa zehazteko erabilitako metodoaren oinarrian oxigeno- korronteko laginaren konbustioa, merkurio amalgamatuaren euspena, ondorengo askapena eta atomo-xurgapenaren/lurrun hotzaren bidez egindako elementu-zehaztapena daude. Detekzio-muga 0,5 ng/ml-koa izan zen.
Emaitzak: Balidazioko ikerketak berresten du lotuta daudela arrainaren kontsumoa eta merkurioaren ingesta (p<0.001), eta arrainaren kontsumoa eta eritrozitoetako merkurioa ere bai (p<0.001). Gizakumeek astean batez beste 51,2 mg-ko merkurio-ingesta egiten dute eta emakumeek 35,2 mg-koa. OMEk merkurioarentzat ezarritako Asteko Behin- behineko Ingesta Onargarria kontuan hartuta (5 mg/kg. pisua/astea), indibiduoen %99,9k, hala gizonezkoek nola emakumezkoek, %75aren azpitiko ingesta egiten dute.
Ondorioak: Kohorteko indibiduo batek ere ez du gainditzen, arraina kontsumitzeagatik, merkurioaren Asteko Behin-behineko Ingesta Onargarria.
Ikertzaileak:
Jose Manuel Sanzo, Miren Dorronsoro, Pilar Amiano, Ascensión Amurrio, Xabier Aginagalde, Mikel Azpiri.
N-3 serieko kate luzeko gantz-azidoak, EPIC-Gipuzkoa kohorteko arrain-kontsumoaren markatzaile bezala.
Arrainaren olioa eta arrainaren kontsumoa dira n-3 familiako gantz-azido poliinsaturatuen (EPA azido eikosapentanoikoa eta DHA dokosahexanoikoa) ingestaren iturri nagusia, eta bi arrazoigatik ikertu dira batez ere: azido esentzialen ezaugarriak dituztelako eta zenbait gaixotasun kardiobaskularren aurrean efektu babeslea dutelako. Interbentzio-ikerketetan asko erabili izan dira markatzaile gisa osagarri kontzentratuekin. Hala ere, oraindik gutxi dakigu gizatalde baten ohiko arrain-kontsumoa eta odoleko frakzio plasmatiko, seriko edo zelularretako n-3 serieko gantz-azidoaren kopurua lotuta daudela esan ahal izateko.
Helburuak eta metodoak: n-3 gantz-azidoen ingesta eta arrain-kontsumoa lotuta al dauden ebaluatzea, Dietaren Historia metodoaren bitartez, eta, arrain-kontsumo desberdina egin ohi duten indibiduoetako lagin batean, azido horiek frakzio seriko desberdinetan duten kontzentrazioa ikustea. Asoziazioa neurtzeko, 120 indibiduo aukeratu ziren era aleatorioan, aldez aurretik kohortea arrain-kontsumoaren gradu desberdinen arabera estratifikatu ondoren (<=31gr/eguna, 32-64gr/ eguna, 65-114gr/ eguna eta >= 115 gr/ eguna), eta indibiduoei baraurik zeudela atera zitzaien odola. Gantz- azidoak suero libreko gasen kromatografiaz zehaztu ziren dentsitate txikiko lipoproteinen (LDL) fosfolipidoetan eta kolesterolaren estereetan; horretarako, 1 ml suero erabili zen.
Emaitzak: Arrain-kontsumoaren batez bestekoak talde bakoitzean 19.2, 51.1, 83.6 eta 146.0 gramo eguneko dira, eta talde guztietan handiagoa da arrain zuriaren proportzioa. Frakzioetako EPA eta DHA-ren batez besteko kontzentrazioak nabariki igotzen dira kontsumorik txikieneko taldetik: gutxi gorabehera %0,39tik 0,73ra EPA eta %3,47tik%4,61era DHA sueroan. Erregresio linealaren azterketak emaitza estatistikoki esanahitsuak eman ditu arrain-kontsumoaren, sueroko n-3 azido-kontzentrazioen eta LDL-ko kolesteroleko fosfolipido eta estereen arteko loturari dagokionean. Korrelazioak aurkitu dira arrain- kontsumoaren eta odoleko EPA eta DHA azidoen artean: r=0,52 eta r=0,62 suero librean, r=0,38 eta 0,52 fosfolipidoetan eta r=0,55 eta r=0,50 kolesteroleko estereetan.
Ondorioak: Eskuratutako datuen arabera, n-3 serieko azido poliinsaturatuak, EPA eta DHA, arrain-kontsumoaren ohiko patroi baten biomarkatzaile bezala erabil daitezke, batez ere arrain-zuriarena.
Ikertzaileak:
Pilar Amiano, Miren Dorronsoro, Jose Manuel Sanzo, Mertxe de Rrenoballes, Juan Carlos Ruiz de Gordoa, Itziar Irigoien.
Argitaratu da: European Journal of Clinical
Nutrition 2001 : 55, 827-832
Arrainaren kontsumoa eta LDL lipoproteinen oxidagarritasuna EPIC-Gipuzkoa kohortean.
LDL lipoproteinen peroxidazioa arteriosklerosiarekin lotu izan da.
Gantz-azido poliinsaturatuek oxidagarritasunik handiena erakusten dute, eta ikerketan ikusi da n-6 (n-6 PUFA) serieko azidoekin aberastutako dietak emaitza gisa LDL proteinen oxidazioa igotzea ematen duela.
Era berean, zenbait ikerketak erakutsi duenez, n-3 (n-3 PUFA) serieko gantz-azidoaren suplementazioak igo egiten du LDL-en oxidazioa indibiduo sanoetan. Alderantziz, beste ikerketa batzuek, horiek ere interbentziokoak, ondorio bezala eman dute n-3 azidoaren dosi handiekin ez dela aldaketarik gertatzen LDL-en
oxidagarritasunean.
Arrain-kontsumoa da n-3 serieko gantz-azidoen iturririk handienetakoa, batez ere EPAazidoarena (C20:5) eta DHA azidoarena (C22:6). Hauek biak, euren ezaugarria poliinsaturazioa delako (lotura bikoitza), oso oxidagarriak dira.
Gure ikerketaren helburua zera da: batetik, kontsumo-maila zabaleko indibiduoen ohiko arrain-kontsumoak (astean anoa 1 baino gutxiagotik astean 5 anoa baino gehiagora, sueroko n-3 eta n-6aren mailak eta LDL) eta,
bestetik, azido poliinsaturatu hauen oxidagarritasunak elkarrekin duten korrelazioa aztertzea.
Korrelazio positiboak eta estatistikoki esanguratsuak aurkitu dira n-3 (PUFA n-3) azido poliinsaturatuen ingesta totalaren -azido eikosapentaenoikoa (C20:5), azido dokosahexaenoikoa (C22:6)- eta sueroko determinazioen artean, LDL-ko frakzio lipidikoko fosfolipidoetan eta kolesteroleko estereetan. Ez da aurkitu lotura estatistikoki esanguratsurik beste gantz-azido batzuen ingestaren, sueroko mailaren eta LDL-eko frakzio lipidikoen artean.
LDL-en oxidagarritasunari dagokionean, emaitzak negatiboak dira DHA (C22:6) azidoarentzat eta iradokitzen dute efektu babeslea egon litekeela. Hala ere, azido linoleikoak (C18:2) eta arakidonikoak (C20:4) efektu pro-oxidatzailea erakusten dute.
Ikertzaileak:
Juan Carlos Ruiz de Gordoa, Mertxe de Rrenoballes, Pilar Amiano, Miren Dorronsoro, Ana del Cerro, Eva Fernández de la Bastida.