Espainian, ingestari buruzko informazio-bilketa elkarrizketa pertsonalizatu baten bitartez egin da. Horretarako, dietaren historia (DH) metodoko galdeketa informatizatua aplikatu da. Galdeketa hau bereziki ikerketa honetarako diseinatu eta balidatu da.
Galdeketa ingestaldien arabera egituratu da, eta pertsona bakoitzarengandik informazioa jaso da jakiteko ea, elkarrizketaren aurreko urtean, zein izan duen ohiko janari-kontsumoa ingestaldi bakoitzean. Oinarrizko zerrenda bat eginik, 600dik gora elikagai eta edari zeuzkan, eta baita parte hartzen zuten komunitateetan jan ohi diren 150 eskualdeko plater edo errezeta inguru ere. Normalean zenbat kontsumitzen den, hogeita hamabost argazkiko gidaliburu batez eta beste hainbat unitate eta neurri arruntez kuantifikatu da. Orobat, informazio zehatza bildu da jakiteko zein motatako olio edo koipea erabiltzen den ingestaldi bakoitzean janaria prestatzerakoan; zein dieta-aldaketa egin den, eta zergatik; eta zer erabilera egiten den barazkiena, arrainarena eta plater prestatu izoztuena.
Kaloria eta mantenugaien kontsumoa neurtzeko, EPIC proiekturako bereziki prestatutako elikagaien konposizio-taula bat (EKT) erabili da.
Dietari buruzko oinarrizko informazioa jasotzeaz aparte, erreklutamendua bukatu ondoren, beste hurbilketa metodologiko bat egin zen: helburua zen herrialde batzuetako eta besteetako dieta kalibratzea, eta, horrela, ingestaren neurria gehiegi baloratzera edo gutxiestera eraman zezaketen sistema-akatsak zuzentzea. Horretarako, lagin aleatorio bat egin zen, 24 orduko dietaren oroitzapenaren metodoa (O-24o) erabiliz, eta bigarren neurketa dietetiko bat lortu zen. Zeregin horretan, bereziki horretarakoxe (EPIC-SOFT) garatutako programa informatiko bat baliatu zen.